Etxean energia aurrezteko keinu txikiak
Batzutan, keinu txiki batzuek, esaterako, pertsiana jaisteak, gure etxeetako eraginkortasun energetikoa maximizatzen laguntzen dute. Energia modu arduratsuan kontsumitzea ingurumen-etorkizun hobe baterako gure harri-koskorra jartzea esan nahi du eta urrats oro da garrantzitsua. Ezagutu erabiltzaile eraginkor bihurtzen lagun diezazuketen zenbait truku –horietako asko doakoak, gainera–.
Negua datorren sasoi honetan, neurri gehien etxeko berogailuari dagokionez har ditzakezu; izan ere, gure etxeetan kontsumitzen dugun energiaren erdia horrelako sistemek eraginda da. Ahalik eta gehien murrizteko, adituek etxeko konfortari eusteko 20ºC-ko tenperatura aski dela eta logelek ez dutela egongelak bezainbateko tenperatura behar, baizik eta 3-5 ºC azpitik aski dutela aholkatzen dute.
Tenperaturak kontrolatzeko, gomendagarria izango da erradiadoreetan balbula termostatikoak eta termostato programagarriak instalatzea. Soluzio bat zein bestea eskuragarriak dira, jartzen errazak eta azkar batean amortiza daitezkeenak, %8-13 bitarteko energia-aurrezpena lortzen baitute.
Baina hori ez da dena; beste keinu askok ere berokuntzan egiten duzun gastua hobetzen lagun diezazukete: ez itxaron ekipamendua hondatu arte, mantentze-lan on batek alferrikako energia gastatzeak saihesten lagun baitiezazuke; urtean behin purgatu erradiadoreak; gauetan, itxi errezelak eta pertsianak bero galerak ekiditeko; eta erradiadoreak itzalita dudenean aireztatu etxea.
Aurreztu ur beroa
Dugun beste alde ahul bat uraren kontsumoa da, bereziki, ur beroarena. Eraginkorragoa izan daiteke etxetresna elektriko txikiekin, esate baterako, dutxarako kontsumo txikiko buruekin, bestela baino ur-kopuru erdia eta, beraz, energia-kopuru erdia, aski izango baita dutxa erosoa hartzeko; helburu horretan lagun zaitzaketen beste gailu batzuk emari murriztaileak dira, txorrotak segundoko ematen duen ur-kopurua murrizten dutenak eta, baita, dutxarako tenperatura-erregulatzaileak ere, energiaren %4-6 bitartean aurrezten dutenak. Eta jakizu, ur hotza eta ur beroa bi txorrotatan bereizita badituzu, aginte bakarreko gailuaz ordezkatzeak aurrezten lagunduko dizula.
Gainerakoan, ura aurrezteko gomendio orokorrak sobera ezagunak ditugu, honatx: hortzak garbitzerakoan edota bizarra mozterakoan txorrota itxita edukitzea eta bainatu ordez dutxatzea besteak beste.
Argia itzaltzea eta beste keinu batzuk
Berogailua eta ur beroaz gain, etxeko beste energia kontsumitzaile handia etxeetako argiztapena da. Alor horretan eraginkorra izateko, nahitaezkoa izango da bonbilla tradizionalak kontsumo txikiko bonbillez ordezkatzea. Bai garestiagoak dira, baina duten prezioa amortizatu egiten da epe luzera: 8 bider gehiago irauten dute eta goritasunezko bonbillekin alderatuz, %80ra bitarteko aurrezpena lortzen dute.
Baina bonbillak ez ezik, merkatuan “kontsumo txikiko” lanparak ere aurki ditzakezu. Horrela deitzen zaie lanpara elektronikoei; horiek denbora gehiago irauten dute, gutxiago kontsumitzen dute eta kontsumo txikiko lanpara arruntek baino gehiagotan piztu eta itzali daitezke. Euren artean, duten pisuagatik bereizten dira, izan ere, arruntek 400 gramo inguru pisatzen dituzten bitartean, elektronikoek 100 gramo baino ez dituzten pisatzen.
Etxetresna elektrikoen erabilera eraginkorra
Etxetresna elektriko bakoitzak bere jarraibideen liburua dakarte eta, baita, horien eraginkortasuna maximizatzeko trukuak ere. Adibidez, arropak tenperatura hotzetan garbitzea edo janaria beroa dagoen bitartean hozkailura ez sartzea. Kasu bakoitzean egin daitekeenaz informatu gabe behintzat ez geratu.
Etxeko aparatu handiez gain, etxetresna elektriko txikiek ere, esaterako, xigorgailuak edo ordenagailu pertsonalak, eragin garrantzitsua izan dezakete zure energia-aurrezpenean. Eman dezakezun lehenengo urratsetako bat zure etxeko kontsumo mamuari amaiera ematea da, hau da, stand-by (pilotu gorria) egoeran dauden itzalitako aparatuek edota beren funtzioa bete gabe entxufatuta dauden kargagailuak sortzen duten energia-kontsumoari. Guztira, gastu horrek Espainiako familia bakoitzeko elektrizitatearen fakturaren %12a eragiten duela kalkulatzen da.
Nola ekidin daiteke? Askok entxufe ugariko lapur handiak erabiltzea gomendatzen dute. Horrela, gailu hori deskonektatzen baduzu, bertatik elikatzen diren aparatu guztiak deskonektatuko dituzu.